lu logo lurdesulazia

lurdes Ulazia

grupoPINTURA-SORMENA EMOZIONALA

HAURREI zuzendutako TAILERRA 

Adierazpen plastikoa norbera bere baitan duena adierazteko modu gisa erabilia izan da. Margotzeak haurrari bere bizipenak edo sentitzen duena, hitzak erabiltzeko beharrik gabe, adierazteko ahalbideratzen dio.

Haurrarentzat margotzea ahozko koderik ez duen komunikabidea da eta garrantzitsua da batik bat ahozko kodea emozio-adierazpen bide bezala nahikoa eratu ez denean.
Margotzea bereganatze eta proiekzio prozesu etengabea da. Behar ludikoa, adierazpenekoa, hausnartzekoa zenbaitetan eta mota desberdinetako nahiak kanporatzeko beharra ere bada.

Haurrarentzat hau hizkuntza naturala da, une jakin batean bere zirrara, sentimen eta afektuak adierazteko baliogarri zaiolarik. Baina txikiak direnetik, zer den arlo plastikoan beraiengandik espero dugun hori jabetzen direnetik, haurrak saiatzen dira helduok beraientzat eraikitako munduan baliogarriak izango diren eskema arruntaz jabetzen.


Haurrarentzat garrantzirik gabekoak diren saiakerak, helduok benetazko lorpenak bilakatzen ditugu, “hau zer da?” galdetzen dugunean eta “hau txakurra da” edo “zein mendi polita egin duzun!” baieztatzen dugunean, haurrari berea ez den kodigoa markatzen ari zaio. Baita ere, eta horregatik, gerta dakioke adierazpen-prozesu hori eten izatea eta haurra ez den beste horrentzat margotzen jarraitzea.

Helburuak
· Eremu seguru eta librean eredurik gabeko sormen prozesua ahalbideratzea
· Askatasunez eta norberak bere erritmoan jarduteko aukera izatea
· Norberaren nolakotasunen baloratze-bidea jorratzea
· Norberaren aurreiritziak begirunez jaso eta alboratu ahal izatea
· Sentimendu eta beharren adierazpenerako aukera izatea

Metodologia
Partehartzailea eta esperientziala izango da eta ez da pinturan trebatua izan beharrik parte hartzeko.
Alde teorikoan, tailerraren eta taldean jarduteko funtzionamendu-irizpideak azalduko dira eta alde praktikoan talde-dinamikak erabiliko dira, prozesua eta ibilbidea indibidualak izango diren arren.